2007/05/12

EUSKAL EZKONTZAK



Dantzariak, ganadua, antzerkia, musika alaia, zanpantzarrak...giro ederra izan da asteburu honetan Lekeition. Ezkongaiek lagungiro politean zeharkatu zuten domekan Lekeitio, bere burdi eta guzti. Urte osoan egun bakar batez, behintzat, aintzinako sasoietara bueltatu, eta gure nagusien bizimodua apur bat hurbilago sentitzeko aukera eduki zuten han izandakoek. Gainera, eguraldiak ere ez zuen oztoporik ipini eguna ondo amaitzeko...



Antolatzaileak poz pozik daude, bai zapatuko antzerkia zein domekan izandako ekimenak hain ondo atera zirelako. «Asteburuaren balorazioa ezin hobea da. Zapatuan izandako antzerkia jendeari asko gustatu zitzaion, eta domekakoa ere ondo ondo irten zen» esan du Gora Buru Kultur Elkarteko kide Maiteder Erkiagak. «Gainera, eguraldia ere lagun izan genuen. Justu euria hasi zenean bazkaltzera sartu ginen Batzokian», azpimarratu du. 120 lagun inguru izan ziren bazkarian. Bertan, desfilean parte hartutako guztiak egon ziren: Zanpantzarrak, Euskal Ezkontzan parte hartzen dutenak, dantzariak... Baina hauez gain, egunaren aurretik prestaketetan jardundakoak ere han izan ziren.Aurtengo Euskal Jaia igaro ostean, datorren urtekoari begira daude, Gora Buru Kultur Elkarteko kideak. «Datorren urtean ere, antzeko zer edo zer egingo dugu bezperan. Diru laguntzak baditugu behintzat, ikuskizunen bat antolatuko dugu, eta domekakoa diru laguntzak eduki ala ez, egin egingo dugu», argitu du Maiteder Erkiagak.Euskal Ezkontza eta EuskalJaia Batzokiak aspaldi bere gain hartutako konpromisoak ei dira. «Batzokiak bere ahalmenen arabera finantzatzen du, eta zelan edo halan egingo da. Zapatuko ikuskizunak, ordea, Aldundiak eta Udalak emandako diru laguntzekin finantzatzen dira, orduan laguntza horien arabera egingo dira ala ez» esan du Gora Buru elkartekoak. Iaz, esate baterako, zapatuan ikuskizun bakarra antolatu zuten diru laguntza gutxi izan zituztelako.

No hay comentarios: